Bizentaren Lumak - Elhuyar

Zer da Bizentaren Lumak?

Zergatik sortu dugu Bizentaren Lumak jolasa?

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaiarekin lotutako gero eta baliabide eta material gehiago eta osatuagoak badaude ere, berariaz gazteek berdintasunaren gainean hausnartzeko helburuarekin sortutako tresnak urriak dira. Bizentaren Lumak solas-jolasak norabide horretan ekarpena egin nahi du, baliabide bezala erabiltzeko aukera zabalduz.
Publiko zabala du jomugan, espezializatua eta ez-espezializatua, hau da, baliabide egokia da bai berdintasuneko gai eta edukietan sakondu nahi duten gazteentzat, eta baita berdintasunari buruzko informazio urria duten gazteentzat ere.
Zentzu honetan, Bizentaren Lumak solas-jolasa karta-jolas bat da, prozedura definitua eta baliabide zehatzak dituena, baina aipatutako helburuak lortzeko beste hainbat baliabide eta ekimenekin osa daitekeena.
Jolasak sare ikuspegia du, gazteak trebatzea helburu izanik, trebatutako gazteak jolasaren dinamizatzaile eta ekintzaile bihurtzea bilatzen duelako.

Zer da Bizentaren Lumak jolasa?

Bizentaren Lumak gazteek berdintasunaren inguruan hitz egiteko mahai-inguruko solas-jolasa da. Berdintasunaren gaineko hausnarketa, arrazoiketa eta eztabaida sortzeko helburua du eta baita gazteen ahalmentzea lantzeko ere.

Nor jolas daiteke Bizentaren Lumak jolasarekin?

Berez solas-jolasaren erabiltzaileak era guztietako herritarrak izan badaitezke ere, publiko-xede nagusia 14 urtetik gorako euskal gazte euskaldunak dira, jolasan agertzen diren istorioek batik bat gazteen egoerak islatzen baitituzte. Parte-hartzaileen arteko interakzioa bultzatzen denez, taldeko kideek egiten dituzten ekarpenen sakontasun-mailak mugatuko du gogoetaren tamaina eta aberastasuna.
Bizentaren Lumak solas-jolasa egokia da esparru hauetan erabiltzeko:

• Berdintasunaren aldeko elkarteetan (emakumeen elkarteak, gizonen taldeak…) nahiz mugimendu feministako eragileetan, bertako kideak berdintasun-gaietan trebatzen eta sakontzen jarraitzeko.

• Ibilbide eta ezaugarri anitzetako gazte-talde naturaletan: gazte asanbladak, gazte-lokalak, koadrilak…

• Hezkuntza formalaren eremuan: ikasleak eta ikasle-taldeak, irakasleak eta guraso-elkarteak. Gutxieneko adin bat eskatzen duenez, DBHtik gorako mailatan kokatu daiteke, ikastetxeetako hezkidetza-programetan txertatuz.

• Hezkuntza ez-formalaren eremuan: herriko ludoteka eta gazte-txokoetako gazteek nahieran erabil dezakete, eta baita bertako hezitzaile eta begiraleek ere.

• Herriko elkarteetan: herriko izaera askotako elkarte eta erakundeetako kideekin erabil daiteke; aisialdi- eta kirol-eremuko elkarteak, kultura-eragileak…

footerra
Back to Top